|
|
|
SendiTxiki
Senditxiki Bilboko Hezkuntza Fakultateko eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek elkarlanean sortutako aplikazio interaktiboa da. Gaur egun, diabetesa gero eta ohikoagoa denez, gizartean kontzientzia pizteko eta ulermena sustatzeko sortu dugu tresna hau. Aplikazioaren helburu nagusia ikasleen jakin-mina piztea da, diabetesa duten pertsonek aurkitzen dituzten zailtasunak ulertzeko. Horrela, jolas interaktiboen bidez, ikasleek diabetesa saihesteko eta kontrolatzeko ohiturak ikasiko dituzte, eta puntuak irabaziko dituzte beraien ezagutzaren truke. Aplikazioak hainbat eduki biltzen ditu.
Lehendabizi, diabetesaren sintomak identifikatzea, ikasleek diabetesaren sintomak ezagutzen ikasiko dute eta profesional batekin kontsultatzearen garrantzia ulertuko dute. Gainera, diabetes mota ezberdinak ezagutuko dituzte. Horretaz aparte, intsulina eta gorputzaren funtzionamendua ulertzea, intsulinaren rola, nola funtzionatzen duen eta nola erregulatzen den ikasiko dute. Horrez gain, azukrea neurtzeko gailuak ere ezagutuko dituzte. Azkenik, ohitura osasungarriak sustatzea, dieta orekatu baten garrantzia eta azukre-maila orekatua mantentzen laguntzen duten elikagaiak ikasiko dituzte. Era berean, jarduera fisikoaren eta diabetesaren arteko erlazioa ulertuko dute.
Helburu orokor moduan, aplikazio honek enpatia garatzea eta diabetesa duten ikaskideekin ulermena sustatzea du xede, ingurune inklusibo eta osasuntsu bat sortuz. Horretarako, jolas eta eduki guztiek ikasleen ulermena, konpromisoa eta laguntzeko prestutasuna bultzatzea dute helburu. Senditxiki tresna didaktikoa da, diabetesa ulertzea eta prebentzioa dibertigarri eta erakargarri egiteko diseinatua. Prest zaude abentura honetan murgiltzeko?