|
|
Zer da Hezkuntzarako App Azoka? |
Datorren ostegunean, 2019/12/19an, UPV/EHUren IV. Hezkuntzarako App Azoka ospatuko da. Azoka hau urtero Bilboko Hezkuntza Fakultateak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak batera egiten duten diziplinarteko proiektu baten jendaurreko aurkezpena da. Proiektuaren helburua da, batetik, teknologia berrien erabilera sustatzea hezkuntzaren esparruan, eta, bestetik, telekomunikazio-ingeniaritzaren ildotik tresna praktiko eta aplikagarriak sortzeko gaitasuna bultzatzea.
Aurte ere, modu bizi eta kooperatiboan elkarlanean aritu dira Bilboko Ingeniaritza Eskolako (Telekomunikazio Masterra) eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko (Hezkuntza Graduak) ikasleak.
Garatutako 10 app-ak doan daude eskuragarri webgune honetako APPak atalean. Tradizioarekin jarraituz, edizio honetan "TxAPPelduna 2019" saria emango zaio azokan bertan egingo den bozketan puntu gehien lortzen duen app-ari, eta aurten, gainera, app-ei buruzko iruzkinak bidali ahalko dira webgune honen bidez. Horregatik, antolakuntzatik app-ak deskargatzera, probatzera eta iruzkinak egitera animatzen zaituztegu, eta noski, Abenduaren 19a, 10:30tan, Bilboko Hezkuntza Fakultatean (Leioako Campusa, UPV/EHU) egingo den Azokara etortzera gonbidatzen zaituztegu.
Azokan, proiektuak stand bidez aurkeztuko dira ikasle talde bakoitzak egindako poster eta tutorialen bidez, eta gainera sortutako aplikazioei buruzko galdera eta zalantza guztiei erantzungo diete egileek. Webgune honetako APPak atalaren bidez, jadanik bideo tutorialak ikus daitezke, baita Android gailuetan instalatzeko app-ak deskargatu eta iruzkindu ere.
Animatu eta parte hartu! Zure zain gaude!